Suharri Rodriguez aizkoran nagusi Astigarragan

Suharri Rodriguez aizkoran nagusi Astigarragan –

Uztailaren 26a egun handia izan ohi da Astigarragan, Santa Ana eguna ospatzen baitute inguruko baserritarrek. Eta jaien faltan, halaxe izan da aurten ere, Gipuzkoako bigarren mailako aizkolari txapelketari esker. 

Parte hartu zuten hamabi aizkolarietan Suharri Paolla Rodriguez izan genuen garaile, eta hartara, hernaniarrak jantzi zuen txapela.

Suharri Rodriguez aizkoran nagusi AstigarraganForu plazako lehiak “ikusmin handia sortu” zuela genuen irakurria, eta benetan ere giro paregabea zegoen astelehenean Astigarragan; arduraz jokatuta eta beharrezko neurriak hartuz (musukoa jantzita eta distantziak mantenduz), plaza bete zuten zaleek, itzaletan Udaletxearen babesean zirenak, eta eguzki galdatan gainontzekoak.

Hamabi aizkolari ziren lehian: Axel Larrañaga (Hernani), Suharri Paolla (Hernani), Jokin Urretabizkaia (Donostia), Urtzi Olasagasti (Donostia), Unai Zabala (Leaburu), Ibon Garaiburu (Berastegi), Unai Otaegi (Zizurkil), Andoni Iruretagoiena Izeta VI (Aia), Xabier Zaldua (Zumarraga), Julen Gabirondo (Urnieta), Yon Irazu (Zizurkil) eta Aratz Mugertza (Mutriku).

Txapela ez ezik, lehenengo mailara igotzea zuen garaileak sari. Bete beharreko lanak berriz, Orbaizetatik ekarritako sei pago enbor ebakitzea, lau kanaerdiko eta 60 ontzako bi.

Hiru txandatan launa aizkolari izan ziren jardunean. Izena emana bazuen ere, azken orduan Markel Zapiain astigartarrak ezin izan zuen parte hartu, baina baziren eskualdeko aizkolariak parte hartzaileen artean. Gazteek sekulako maila eman, eta bertan bildutakoen pozerako hiru bizkorrenen artean minutu erdiko tarte eskasa baino ez zen egon. 

Agudoen Suharri Paolla Rodriguez hernaniarrak bete zituen lanak, hamasei minutu azpitik, eta argazkian ikus daitekeenez, berak jantzi zuen txapela.

Orain bi urte Gipuzkoako Harri Txikien Txapelketa nagusia antolatu zuen Goldea elkarteak Astigarragan, eta orduko bidetik itxi da, arrakasta handiz, Mahalak babestutako txapelketa hau ere.

.

Parte hartzaileak eta denborak:

Suharri Rodriguez aizkoran nagusi Astigarragan

Suharri Rodriguez aizkoran nagusi Astigarragan

2021-07-29T00:35:32+00:00