Miel Mari Jauregi “Altzo”, segalaritzaz zaigu mintzo

Miel Mari Jauregi “Altzo”, segalaritzaz zaigu mintzo –

Mielmari Jauregi, “Altzo”, 64 urteko zaldibitarra da, dagoeneko lau aldiz aitona egina. Goitizena jaiotetxeak emana dio, Altzondo-Gaintzaratz baserriak, non txikitan ikasi zuen segan, aitona Joxe Marirekin. Geroztik bizitza osoa eman du segan, baserriko esne behien bazkarako belarra biltzeko, edo lehian. Datorren hilabetean, esaterako, Austriako Schärding-Passauer Landen jokatzekoa den Europako Txapelketan parte hartuko du, alabarekin batera.

Izan ere, uda sasoian egiten da sega-jokoa, uda sasoian jaten diren bezala izozkiak. Eta herri kirolak babesten dituen Mahalak, aurten izozkien estalkietan segalariak omendu nahi izan dituenez, aproposa begitandu zaigu Altzorengana jotzea, egungo segalaritza hobeto ezagutzeko asmoz.

Miel Mari Jauregi "Altzo", segalaritzaz zaigu mintzo

Nondik datorkizu segalaritzarekin harremana?

Nondik? Etxetik, noski. Baserrian bizi izan garen guztiok bezalaxe. Umetatik ezagutu dugu segan egitea gauza normal bat bezala, ogia jatea bezalaxe. Ez ziguten utzi nahi izaten, ebaki egingo zarete eta ibili zaitezte kontuz esanez, baina txikia denean umeak badakizu zer egiten duen, gurasoek utzi nahi ez dioten horixe. Eta aitona Joxe Marirekin ikasi genuen. Gero, hortik lehiatzera, beste kontu bat da.

Zein da egungo sega-jokoaren egoera Euskal Herrian?

Kaxkarra. Eta arrazoi edo faktore askogatik, bai. Lehenengo esango nuke, gaurko egunean kirol instalakuntzak eta sponsorrak eta, beste leku batzuetan daudela, beste modalitate batzuentzako; guretzako ez dago ezer, azken mohikanoak gara. Eta lanbide bezala ere, ez dago premiarik. Gainera, Europak txapelketetan hasi ginenetik ikusi dugu gure antzeko arazoak dituztela atzerriko sega elkarteetan ere.

Zenbat lagun ari da egun segalaritzan Euskal Herrian?

Segan, momentu honetan, 50-60 inguru izango dira, ez gehiago. Eta gehienak gaztetxoak eta umeak. Eta emakumeak? Bai, dezente dira, bai.

Nolakoak dira segak, non eginak?

Hor dut kotxean bat. Hemen lehen Legazpin Patrizio Etxeberriak egiten zituen, segak, mailuak… hemengo erremintak egiten zituen, Bellota markarekin. Bazuen gama handi bat, 32 ontzatik hasi eta 44ra bitarte, lehiaketan erabiltzen zirenak azken hauek. Euskal diseinu hori ona da, nire ustez, aleazio aldetik eta. Igual egitura heltzailea du, lurrera aldekoa, hemen Euskal Herriko modalitatean ebaki eta gero belarra batu eta pisatu egiten da-eta.

.

«Hemen, segaren oso ikuspegi kirolzalea dugu, erabat, baina kirolzalea izateko ez da batere konpetitiboa»

.

Ofizioaren galera aipatu duzu lehen.

Hemen esne behiak galdu dira, esne behiekin bizi ziren baserriak galdu egin dira eta horrek segaren galera ekarri du, handia gainera; erabakigarria izan da. Esne behia zegoen lekuan ganadua jaten aritzen da egunero, belarra ebaki behar duzu, eta larrea baduzu, ez duzu egiten behin ere. Orduan, zaila jarri zaio segalari bati. Lehen baserritarrarengana joan eta, nik ebakiko dizut, esaten zenion, zuk 30 behi bazenituen, egunero behar baitzenuen elikadura. Gure belaunaldiak horrela egiten genuen. Orain, nola ez dagoen esne behirik, nola joango zara esaten baserritarrari utzidazu entrenatzen. Zenbat belar ebakiko diozu ba? Batetik baserrien gutxitzeak eta transformatzeak, eta orain dagoen larre aldeak, kalte handia egin dio segalaritzari.

Segalariak ez ditu erraz entrenatzeko aukerak.

Ez dago erraza, ez. Nik baditut behi batzuk, eta ganadu jatearena beti egiten dut etxean. Segamakinarekin errazagoa dela uste du jendeak, segarekin nekatzen zarela gehiago, eta ez da horrela. Segamakina martxan jarri, kea arnastu, euria ari duela eta herdoilduko dela hortza… hamar behirentzako, hamar minututan ebakita daukat belarra segarekin. Baina nire kasu pertsonala da hori, ez dakit beste batzuk noa funtzionatzen duten. Gainera, orain segalari asko datoz kalekumeak, zerbait berezia delako gustatzen zaien `espezimenak´.

Eta Europan ere, txakurrak oinutsik?

Bai, Europa osoan. Kontua da Europan, gurekin alderatuta kultura patrimonio bezala ari direla sustatzen sega. Kultur ministerioak babestuta ikusi ditugu Suitzan eta ibili garen gainontzeko tokietan, baserritik bizi den jendearen arteko topaketa moduan, edo zerbeza ferien bueltan, nahiz eta erdigunea segari eman. Ez da hemen bezala, ekitaldira korrika eta berandu joan, bukatu aurretik alde… emaitzak ezagutzeko ere pazientzia galtzen ari gara gu, eta konturatu gara Europan lasaiago hartzen dutela. Lehia bukatu eta atsedenaldia egiten da, gero agintariak etortzen dira, sari emate protokolok dituzte…; eta guk ez, guk galdu dugu hori. Aldea dago horretan.

Beraz, kultur adierazpen baino, kirol lehiatzat dugu hemen sega?

Aspaldiko urteotan dezente gabiltza Europa mailan eta, nola esango nizuke, hegoaldekoak (gu, greziarrak, portugaldarrak…) gauzak egiteko oso modu intuitiboan bizi gara, oraintxe horra eta oraintxe hona. Goizean ez dugu jakiten joango garen Bilbora ala Donostiara. Eta alemaniar batek badaki datorren astean zein ordutan nora joango den, norekin eta nola. Aldea dago izateko moduan, eta ez du zerikusirik segarekin, zerbait kulturala da edo, ez dakit. Eta konturatzen gara segarako ere, Europan oso lasai hartzen dutela. Umeen ekitaldia, aiton-amonena elitekoa ere jokatzen da… lasaiago, bi-hiru eguneko jaialdietan. Eta hemen oso ikuspegi kirolzalea dugu, erabat, baina kirolzalea izateko ez da batere konpetitiboa, nola ba!

Miel Mari Jauregi "Altzo", segalaritzaz zaigu mintzo

Ikuspegi kirolzalea baina ez lehiakorra?

Ikusten ari gara gurea kontatzeko, hain gutxi izanda, ezin dugula lehiatu. Igande arratsalde batean egiten badugu ekitaldi bat, ni neu neroni ez, baina aritzen dira lagun batzuk informazioa sartzen, eta ez badugu sartzen egun horretan minutu horretan… agentziak eta, Barça, Reala, motoziklismoa, saskibaloia… sartzen bazara Facebooken eta ez dakit non, informazio guztia ta-ta-ta-ta aurkituko duzu, eta gu izango gara azkenak, baliogabe totalak. Guk egin behar dugu esfortzu askoz handiagoa dugun apur hori mugitzeko pixka bat. Kirol formatu horretan ezin dugu lehiatu.

Erakundeetatik babesik baduzue?

Erakundeak? Izan gara hainbat alditan udaletxetan, Gipuzkoako Aldundian, Eusko Jaurlaritzan, eta ezin izan dugu topatu pertsona bat arreta jarriko duena, talentudunik. Kultura falta dela uste dut, ez dugu topatu oraindino maila politikorik duen politikaririk, uste dut ez dagoela. Eta bertako kontuez ari gara, baina hogei urtetik gora daramatzagu nazioartean, Europako txapelketetan, Euskal Herriaren izenean. Eta Bavieran, esaterako, Angela Merkelen ekonomia ministroa aurkitu dugu sarrera hitzaldia ematen eta gu euskaldun bezala hartzen, eta sartu gara belardira txalapartariekin, joaldunekin, dantza taldearekin, gehi 15 laguneko segalari taldea. Esan nahi dudana da ez dela segalaritza bakarrik bere horretan hartuta, baizik eta balore kultural eta nazional batzuk. Eta euskalduna unibertsala eta antzekoak esaten dira, baina konturatu gara ez dela horrela. Alegia, ez egotea Euskal Herriko instituzioetatik norbait ikuspegi minimo bat izango duena, gu gutxietsi beharrean alderantziz, gure aurrean jarri eta azalduko duena Bavieran gu euskal herritarrak garela, eta euskal gobernu autonomoko kulturako, kiroleko edo halako ordezkaritzan etorriko dena, jarrera hori ez eduki edo ez ikusi nahi izatea…

Ezin aitortu segari Euskal Herriko ordezkaritzarik?

Eta jende pilo bat dabil Europan, euskaldun baloreak, dantzan zein beste gauzetan ere, eta hemen… Xabi Alonso eta horrela. Gu konturatzen gara gure txikian, nahiz eta kirol aldetik ezgauza izan, ezagutzen gaituztela (eta estimatu) milaka lagunek, izan garela segan Finlandian, ia ia Laponian, ezagutzen gaituztela Suediako segalariek, letoniarrek, txekiarrek, eslovakiarrek, esloveniarrek… Europan asko ezagutzen gaituzte eta harreman estuak egin ditugu. Eta ez bilatzea pertsona bat entendituko duena, begira hemen, Suitzako gobernuko ordezkaria dago, Euskal Herriko taldea hemen gara, bazkari bat dugu, gero lehia dago, hartu eman minimo bat lortu… Iruditzen zaigu kultura falta dela, ezjakintasun orokorra. Nola garen hoberenak, badakizu, Guggenheim eta Gaztelugatxe eta… itzelak gara gu. Zero!, nik horrela uste dut.

Aitzol Atutxak esana da, orain gutxi Berria egunkariko elkarrizketa batean, «etorkizuna ez doala apustuen bidetik».

Bi gauzak ikusten ditut nik bateragarriak. Apustua… nola garen astapotro samarrak, baietz hau egin eta baietz bestea… horrelakoak ere bagara. Atutxak dioena izan daiteke egia, baina uste dut apustu moduko zerbait egiten baduzu, aitona bat asto baten kontra bada ere, baietz jende pila bildu plazan, agian kirol maila ematen duen ekitaldi batean baino gehiago. Niri ez zait asko gustatzen, baina joko zaletasun horrek badu bere pizgarria. Horiek hala ere, aizkolariek, pentsa ze alde duten segalariekin.

Aizkolaritza segalaritzarekin alboratuta, aldea?

Aizkolaritza, sei egur plazara ekarri eta bertan egiten duzu. Ez duzu jendea ekarri beharrik, zeu etortzen zara jendea dagoen lekura. Harri jasotzaileak, aizkolariak, hainbat modalitate dira jendea dagoen tokira joaten direnak, eta gainera kobratu egiten dute. Segak oso bere kontra du hori, jendea erakarri egin behar duzu, eraman egin behar duzu zelaietara. Eta jokoak, desafioak, apur bat erakartzen du, bestela…

.

«Erakundeetan ezin izan dugu topatu pertsona bat arreta jarriko duena, talentudunik. Kultura falta dela uste dut, ezjakintasuna»

.

Noiztik lehiatzen da Euskal Herria Europako sega txapelketetan?

Gu berandu samar hasi ginen. Lehenbiziko harremanak 1985ean egin genituen, Alemaniako arkitekto baten bitartez, bere semea hemen zegoelako euskaldun batekin zertuta. Bilera batean izan ginen, eta taldeka parte hartzen hasi ginen. Poztu oso onak lortu genituen, eta handik hona esango nuke sega maila polita izan dugula. Taldean launaka parte hartzen da, eta bakarkakoan bost emakumezko eta hamar gizonezko izaten dira. Emakumezkoetan bost horietatik lau izaten dira 30 urtez azpikoak eta bat izan daiteke 30 urtez goikoa, eta gizonezkoetan zazpi gazte eta hiru adineko.

Europan ez da ebaki, batu eta belarra pisatzen?

Inon ere ez, Euskal Herritik kanpora ez dut ikusi inon belarra batu eta pisatzen. Europan eremua azkar moztu, eta gero epaileek erabakitzen dute ea txukun dagoen. Eta oso erlatiboa izaten denez, literaturan eta bertsolaritzan bezala, eztabaida sortzen da -denbora penalizazioak izaten baitira-. Beraz ebaki behar duzu azkar eta ondo, oreka mantenduta.

Eta, nola moldatzen da segalari euskalduna europar modalitatean?

Guretzako berria izan zen hasi ginenean, orain hogeitazak urte, ez genuen ezagutzen. Orain hogeita piko urte hasi ginenean, ez genuen ezagutzen. Hemen bizkor ebaki eta gero arrastaka biltzen genuen, lurra eta edozein gauza aterata. Eta Europan hasi ginenean ikasi genuen hemen ere belarra ondo moztu behar dela; gustatzen zait modalitatea. Orain, hemengo modalitatean ere, kiloka egiten denean, Federazioak esaten du txukun egin behar dela -epaileek txartelak atera eta 20 kiloko zigorrak ezartzen dira bestela-. Gauza asko aurreratu dira, eta horrek ekarri du segalariek belarra ondo ebakitzea, txukun. Eta gero, biltzeko ere, batu eta pisatzeko ere, hamar minutuko tartea ematen da, ez lehen bezala. Ordu bete ebakitzeko eta hamar minutu batu eta pisatzeko. Ondo ebaki eta bildu, erraz egiten duzu.

Zenbat belar kilo ebaki ditzake segalari batek ordu betean?

Ordu batean, segun eta. Lehengoan ebaki zuten 2.400 kilotik gora, baina ni neroni 4.700 pasa ebakita nago. Aldea dago, gauean lanbroa egin duen… orain ez duzu uzten belarra ebaki gabe uztailera arte, sega txapelketa dagoelako. Gure garaian horrela izaten zen, baina belarra asko handitzen uzten baduzu fauna handia sortzen da, saguak eta ugaritzen dira, eta lurra narrasten joaten da. Orduan, zelaiaren jabeak esaten dizu noiz moztu. Orain, urte sasoiko belarra ebakitzen da; lehen mozketa egiten diozu apirilean, hilabete eta zortzi egunera bigarrena, handik hilabete eta erdira hirugarrena… zelaiaren jabea den baserritarrak esaten du noiz. Horrek zer dakar, bada belar astunena lehen mozketakoa izaten dela, bigarrena arinagoa eta hirugarrena are arinagoa. Eta gu ibiltzen ginenean, 90eko hamarkada horretan, ordu beteko hemengo modalitatean, Sanferminetara arte belarra ukitu gabe izanda, dena sasi eginda, sekulako kilo pila ateratzen genituela. Animaliak bezala esfortzu handia eginda, ebakitzen zailagoa zelako; baina kilo asko.

Europako txapelketara, lehiatzeko asmoz joaten zarete?

Ahal bada irabaztera, bai. Gure helburua izaten da ea modalitate bakoitzetik norbait behintzat sartzen den podiumean. Ondo pasatzera joaten bazara esango dute, badakizu, euskaldunak bai, oso sinpatikoak dira baina… segan ostiarik ere ez!, eta errespetua galtzen duzu pixka bat. Europan, agintariak etorri eta ekitaldi protokoloa egin, eta estadioan izenak esaten hastean, gutakoren bat bertan sartzea, euskaldun bat, denontzako kristoren basa da. Eta zorionez baditugu segalari batzuk benetan lehiakorrak direnak, atletak, kirol zaleak, eta saiatzen direnak; guretzat horrelako jendea izatea oso ona da. Eta gu zer? Adinekoetan parte hartzen dugu, eta saiatzen gara ahal den posturik onena egiten.

segalaritzaz zaigu mintzo segalaritzaz zaigu mintzo segalaritzaz zaigu mintzo segalaritzaz zaigu mintzo segalaritzaz zaigu mintzo segalaritzaz zaigu mintzo segalaritzaz zaigu mintzo segalaritzaz zaigu mintzo segalaritzaz zaigu mintzo segalaritzaz zaigu mintzo segalaritzaz zaigu mintzo segalaritzaz zaigu mintzo segalaritzaz zaigu mintzo segalaritzaz zaigu mintzo segalaritzaz zaigu mintzo segalaritzaz zaigu mintzo segalaritzaz zaigu mintzo segalaritzaz zaigu mintzo segalaritzaz zaigu mintzo segalaritzaz zaigu mintzo segalaritzaz zaigu mintzo segalaritzaz zaigu mintzo segalaritzaz zaigu mintzo segalaritzaz zaigu mintzo segalaritzaz zaigu mintzo

2019-07-26T22:07:16+00:00