Nekazariei laudorio poetikoa

Nekazariei laudorio poetikoa –

Josu Goikoetxeak “Astelehen Poetikoak” egiten ditu Euskadi Irratiko Faktorian; orain gutxi, Mixel Berhokoirigoinen heriotzaren harira, Jean Baptiste Elizanbururen, Luixa Guilzu eta Bitoriano Gandiagaren testu bana irakurri zituen. ENTZUN!

Maiatzaren 10ean emititu zuten saioa, eta aurreko ostiralean hil zen Mixel Berhokorigoin: laboraria, laborarien sindikatu baten sortzaileetakoa, laborarien ganberako presidentea eta azken urteotan, herri honen baketzean lagundu duen bakegileetako bat. Haren omenez, eta oroz gain laboraria zenez, poesia eta nekazariak, zerua eta infernua, eta, tartean, lurra eraman zituen Faktoriako “Astelehen Poetikoak” tartera Josu Gokoetxeak.

.

Jean Baptiste Elizanburu: “Nere etxea”

Ikusten duzu goizian

Argia hasten denian,

Menditto baten gainian,

Etxe ttipitto aintzin xuri bat,

Lau haitz ondoren erdian,

Xakur xuri bat atoan,

Iturriño bat aldian,

Han bizi naiz ni bakian.

 

Nahiz ez den gaztelua,

Maite dut nik sorlekua,

Aiten aitek hautatua,

Etxetik kanpo zait iduritzen

Nonbeit naizela galdua,

Nola han bainaiz sortua,

Han utziko dut mundua,

Galtzen ez badut zentzua.

 

Etxean ditut nereak,

Akilo, haitzur, goldeak,

Uztarri eta hedeak,

Iazko bihiez ditut oraino

Zoko guziak beteak,

Nola iragan urteak

Emaiten badu bertzeak

Ez gaitu hilen goseak.

 

Landako hirur behiak

Esnez hanpatu ditiak,

Ahatxe eta ergiak

Bi idi handi, kopeta zuri,

Bizkar beltz, adar handiak,

Zikiro, bildots guriak,

Ahuntzak eta ardiak

Nereak dire guziak.

 

Ez da munduan gizonik,

Erregerik ez printzerik,

Ni bezein urusa denik,

Badut andrea, badut semea,

Badut alaba ere nik,

Osasun ona batetik,

Ontasun aski bertzetik,

Zer behar dut gehiago nik?

 

Goizean hasiz lanean,

Arratsa heldu denean,

Nagusi naiz mahainean,

Giristino bat ona dut hartu,

Nik emaztea hartzean,

Ez du mehe egunean

Sartuko ustegabean

Xingar hezurrik eltzean.

 

Piarres ene semea,

Nahiz oraino gaztea,

Da mutiko bat ernea,

Goizean goizik bazken erdira,

Badarama artaldea,

Segituz ene bidea,

Nola baitu egitea,

Ez du galduko etxea.

 

Ene alaba Kattalin,

Bere hameka urtekin,

Ongi doa amarekin:

Begiak ditu, amak bezala,

Zeru zola bezin urdin,

Uste dut denborarekin,

Oraiko itxurarekin

Andre on bat dion egin.

 

Ez dugu behar lurrean,

Ongi bizirik etxean,

Utzi laguna gosean,

Ez du beharrak sekulan jotzen

Gure etxeko atean,

Non ez duen mahainean,

Otruntza ordu denean

Leku bat gure aldean.

 

Ene andrea Maria,

Ez da andre bat handia,

Bainan emazte garbia,

Irri batentzat badut etxean

Nik behar dudan guzia,

Gald’ egiten dut grazia,

Dudan bezala hasia,

Akabatzeko bizia.

.

Luixa Guilzu: “Ikusten zaitut”

Ikusten zaitut Fermina,

ezkonberritan airos jina

bordatik aldan sartu zinen etxean,

negu beltzaren erditan hil beltzean

berein hautsietatik haizea oinazean.

 

Ikusten zaitut Fermina,

ibilki madarikatuz junat jina

barneko gelak lurraren kolore, 

elektrikarik ez egoitza urik gabe

urtero erditze baten dolore.

 

Hemen borrokatzen fedezko otoitzez,

inguratua apez eta infernu beltzez.

 

Ikusten zaitut Fermina, beti irensten zure mina

oraino ikusten zaitut Fermina.

.

Bitoriano Gandiaga: “Lurra hartu du esku barruan”

Lurra hartu dut esku barruan,
eskutada lurra,
herriko neure lurra,
neure asaben lurra,
lurreko neure lurraren
lur puska ziurra.

Nekazariei laudorio poetikoaHarriaren arreba
lurra hartu dut esku barruan,
euskaldunen ama lur,
uraren kideko lur,
suaren sostengu lur
zuraren orpoko lurra.

Lur hotza, lur beroa;
lur hila, lur bizia;
lur nabar, lur argia;
lur astun, lur arina;
lur samin, lur atsegin;
lur gogor, lur gozatsu;
lur iraindu, lur maite;
lur jator samurra.

Lurra hartu dut eskuan
mun emateko,
besarkatzeko,
bularrean herstutzeko
luzaro.
Eta gero,

neure burua baino
gorago jasoz eskua,
burutik behera utzi dut
sorbaldaz behera jausten,
neure lur guztiz behera,
lurrezko bataioaren
seinaletan.

Nekazariei laudorio poetikoa

2021-05-19T14:58:37+00:00