Mahalako erroen oihartzuna

Leaburu, dotoreziaz, Tolosa eta Gaztelu herrien artean, gainalde batean kokatzen da. Bare, lasai, denboraren joan etorriak inoiz ezer mugitu ez balu bezala, baina hori ez da horrela. Gipuzkoako herri  zahar hau gertaera historiko askoren lekuko izan da eta antzinako arrastoetan oraindik historiaren oihartzuna irakur daiteke.

Mala Erreka

Mala Erreka

Erromes, merkatari eta bidaiari askoren pasabide izan da Leaburu eta bertatik pasatzen zen Nafarroa eta itsas portuen arteko harbidea ere. Jerusalemera zihoazen erromesak ere bertatik igarotzen ziren, Gaztelu herribildua zeharkatu eta Txispiriko amildegia jaitsi ondoren, Maalarekin egiten zuten topo, gaur egun Mahala baserria dena, garai hartan ospitalea izan zenarekin.

Mahala historian zehar

San Joan Ermita

San Joan Ermita

Udaletxeko eta parrokiako erregistroetan “Maala” izena agertzen da. Hebrear hizkuntzan “ahula” edo “gaixoa” esan nahi du baina beste historialari batzuk “Magdalena”ren laburdurarekin lotu dute. Inguruan pasatzen den erreka ere “Mala-Erreka” izenarekin ezagutzen da. Inguruan dago San Sebastian ermita ere, Kristoren soldadu bilakatu zen Erromako enperadoreen guardia pretoriarra.

Hainbat aztarnek tenplarioen garaikide ziren Erdi Aroko ordenaz hitz egiten dute, Jerusalemgo San Joan Ospitaleko Zaldunen Ordenaz hain zuzen ere. Tenplarioak eta ospitalarioak monjeak eta Kristoren gerlariak ziren, Maria Magdalenaren jarraitzaileak, horrela erakusten dute beraiek eraikitako elizek. Ospitalarioek sendagaietarako jakinduria zuten eta hainbat ospital eraiki zituzten Lurralde santurako bidean. Horrela, izaera militar eta monjeaz gain sendagile izaera hartu zuten.

Nafarroako Erresuman, XII. Mendea amaitzerako 12 enkomienda edo lurralde militar zituen eta hurrengo mende amaierarako 14 herri, 21 eliza eta oinordetzan jasotako 250 eremuren jabe ziren. Tolosako Arrameleko San Joan eliza ere Induraingo enkomienda ospitalarioari lotuta zegoen eta aipagarria da gaur egun bertako Kristo Santua Leaburuko Elizan dagoela. Arrasto honek berriro lotzen du Ordena Maalako ospitalarekin.

Harri landuzko atea

Harri landuzko atea

1261: Gipuzkoako eta Nafarroako muga arazoen harira, Mahala lapurreta, bahiketa eta erreskateen zurrunbiloetan nahasturik suertatu zen. Ospitalearen lehen idatzietako batean dioenez “urte horretako maiatzaren 1ean Gipuzkoa, Araba eta Nafarroako ordezkariak elkartu ziren eta bertan salatu zuten Corbaran Bidaurre Gorritiko gazteluko gobernadorea buru zuten gerlari arbizuarrek Lizartza eraso zuten. Ondoren Mahalara joan ziren. 5 sagardo kupel apurtu zituzten, mahai zapiak eta tresnak eta 2 kapa lapurtu zituzten eta 2 gizon bahitu. Bahituak Gorritiko gaztelura eramanak izan ziren eta 400 marabediko erreskatea ordaindu ondoren askatu zituzten”.

1425eko martxoak 19: Mosen Juan Amezketa Senpereko Jaunak Leaburuko bizilagunekin hitzarmen bat sinatu zuen: Herriko bizilagunek jaun horrek Mahalan duen errota erabiltzeko baimena izango dute aurrerantzean. Uzta alearen hamaseirena ordaindu beharko dute errentan eta balizko konponketen kostuaren erdia bizilagunen gain geratuko da.

Harri landuak1502ko ekainak 18: Juana Salazarrek Leaburuko dorrea eta Mahala baserria itzultzea eskatuko dio Tolosako Otsoa Martinez Zaldibiari, auzi bidez. Seme alabekin Senpereko gazteluan zen bitartean okupatuak izan zirela gaineratzen du bertan.

1511ko abuztuak 18: Frantziako eta Nafarroako lurretan ondasunak dituen Juan Chaconek, Mahalaren jabeak, Leaburuko kontzejua auzi bidean jarriko du 1425. urteko hitzarmena ez betetzeagatik.

1577: Mahala baserriko maizterra den Leaburuko Joanes Goietxek Gazteluko Domingo Azpillagaren alde emandako obligazio gutuna agertzen da, 18 dukat eta 2 idiren truke.

1587ko ekainak 13: Azkoitiko Madalena Oñaz alargunak Ibarrako Alexandro Barrena apaiza hautatzen du Leaburuko erretoretzarako. Bartolome Amezketa erretore hil berriaren lekua hartuko du Barrenak. Momentu honetan Mahala etxea Madalena Oñazena da.

1659ko urriak 2: ordainagiri batek Mahalan egindako berrikuntza batzuen berri ematen du bertan Martin Argarate azaltzen delarik jabe ordaintzaile bezala. Egindako lanen arduradun berriz Matias de Zuazola Floreaga y Loiola.

Gaur egunera arte ospitalarioek martxan jarri zuten errotak hauspotzen jarraitu du eta Mahala baserrian ekoizten diren elikagaiak Euskal Herrian zehar zabaltzen dira bere erroetatik dakarten oihartzunak haizatzen lagundu izan balu bezala.

Mahala produktu sorta

Mahala produktu sorta

Mahala baserrian erroei atxikita jarraitzen dute beraien lanean, baserriko tradizioari, jakinduriari eta ekinari errespetuz eutsiz, elikagai gozagarriak ekoiztuaz eta bertako kultura, herri kirol eta kirolariei ahal duen heinean laguntza emanez.

2021-10-21T13:41:47+00:00