Loratuko da sagardogintza

COVID-19aren krisiak sagardogileei ere eragin die. Bertan behera utzi zuten txotx denboraldia bete-betean zegoenean eta sagardoa merkaturatzeko ia bide guztiak itxi zitzaizkienean, orain, leiho bat zabaldu zaie: udako sagardotegien denboraldi berria.

Loratuko da sagardogintzaBi hilabete eta erdian edan ez den sagardorik ez da orain edango. Eskualdeko sagardogileak kontziente dira galdutakoa ez dutela berreskuratuko, baina garai berrietara egokitzeko historikoki izan duten malgutasuna ezagututa, ziur dira bide berriak urratuko dituztela koronabirusaren osteko arorako.

Aurten sagardo soberakina izango da eta sagardogintzan galera handiak izango dira, oro har, galkorrak diren produktuekin lan egiten duten gainerako sektoreetan bezala. Gipuzkoako Sagardogileen Elkartean oraindik datu zehatzak ez dituzten arren, ekonomikoki krisiak arrasto luzea utziko duela uste dute bertan biltzen diren 42 bazkideek. Ekaina hasieran egingo dute agerraldi publikoa koronabirusaren krisiaren eragina zenbakietara ekartzeko.

Loratuko da sagardogintza

Jende gehien ibiltzen den garaian, osasun larrialdiak horretara behartuta eta gainerako ostalaritza establezimenduek baino lehenago erabaki zuten sagardotegiek txotx denboraldia bertan behera uztea. Olatz Mitxelena (Astigarraga, 1991) Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteko koordinatzaileak aipatu duenez, jendeak kontrakoa uste badu ere, ekoizten den sagardo guztiaren parte txiki bat baino ez da txotxetik saltzen, %5 eta %10 artean. Gainerako guztia botilaratuta banatzen da. Gipuzkoako sagardogileen merkatu nagusia herrialdean bertan dago eta gero Bizkaia, Araba, Nafarroan eta Espainiako puntu ezberdinetara banatzen da.

«Krisi honekin gertatu dena da sagardotegiek ostalaritza aktibitatea bertan behera utzi behar izan dutela, baina horrekin batera, sagardo salmenta ere asko jaitsi da. Bi aldeetan handiak izan dira kalte ekonomikoak», aipatu du Mitxelenak. Oreka kanala deitutakoaren bitartez ematen diote irteera sagardogileek botilaratutako sagardoari: «Gehienbat ostalaritza establezimenduek eta elkarte gastronomikoek osatzen dute kanal hori eta osasun krisialdia ezarri zutenetik erabat itxita egon dira. Sagardoa eduki bai, baino ezin saldu geratu dira sagardogileak».

Loratuko da sagardogintza

Zuzeneko salmenta izan da sagardoa merkaturatzeko geratu zaien aukera bakarrenetakoa eta Mitxelenaren esanetan, «modu batera edo bestera» denek heldu diote bide horri. «Telefonoz, ahoz ahoko harremanen bidez, gertukoek eskatuta, sagardogileek modu askotara jaso dituzte eskaerak eta gehienetan eurak arduratu dira gertuko sare horretan banaketa egiteaz. Salmenta elektronikoa lehendik ere bazetorren kontu bat da eta horretarako baliabideak zituzten sagardotegiek erabili dute modu hori. Guk ere elkartetik merkaturatze horretan lagundu diegu, ahal izan dugun neurrian».

.

Sagardotegiak zabalik

Beste zenbait ostalaritza establezimenduk etxeetara eramateko menuak prestatu izan dituzte itxialdiak iraun duen hilabeteetan. Gipuzkoako Sagardogileen Elkartetik jakinarazi dutenez, pare bat sagardotegik ere heldu diote ekimen honi eta sagardotegi menuaz gainera, beste menu berezi batzuk prestatu dituzte etxera eramateko.

Gehienek, ordea, sukaldeak eta kupelak itxita eduki dituzte azken bi hilabete eta erdian. Izurria saihesteko hartutako neurrien bigarren fasea hastearekin batera, ordea, eta gainerako ostalaritza establezimenduei bezala, sagardotegiei ere ateak zabaltzeko aukera ireki zaie parez pare. Joan den astelehenetik abian da itxialdiaren bigarren arindua Hego Euskal Herri osoan eta ostatu barruan tokia %50 bete daiteke.

Olatz Mitxelena: «Zergatik ez botilako sagardoak garrantzia hartzen duen udako sagardotegi denboraldi bat?» 

«Normalean behintzat, espazio zabalak egoten dira sagardotegietan eta segurtasunezko bi metroko distantzia hori mantentzeko aukera handiagoa izaten dute. Araudiak markatzen duen protokoloa hartu eta segurtasun neurri guztiak betetzen direla bermatu ondoren, gure iparrorratza jendearen erosotasuna izan da. Azken batean gure bezeroak sagardotegira lasai egotera etortzen dira eta lagunarteaz disfrutatzera», nabarmendu du Mitxelenak. Orain arte kabitzen zen jendearen erdia hartuko dute sagardotegietan eta baldintza gehiago ere beteko dituzte, esate baterako txotxetik kontsumitzerakoan: «Kupeletik sagardoa dastatzeko aukera izango da, talde kontrolatuetan, mahaika, eta beti ere sagardozalearen eskutik». Bezeroek eserita egin beharko dituzte otorduak.

Aukera hori eskura izateak ez du esan nahi derrigor sagardotegi guztiek zabalduko dituztenik ateak. Txotx denboraldiaz harago, sagardotegien %45 zabaltzen da eta pentsatzekoa da horiek helduko diotela aurretik zuten ohiturari. Beste askok, denboraldia erren geratu zaiela ikusita, aukera baliatuko dute berriz ere zerbitzua eskaintzeko. «Norberaren esku geratuko da, baina argi dagoena da krisiak berekin dakarrela aukera ere. Sagardotegiaren kontzeptua berrasmatu beharko dugu orain. Zergatik ez botilako sagardoak garrantzia hartzen duen udako denboraldi bat, non ohiko txotx denboraldiko menuaz aparteko otordu bat eskaintzen dugun, garaian garaiko produktuekin?». Aktibitate ekonomikoari heltzearen garrantziaz hitz egin du Mitxelenak, baina beti ere beste sektoreekiko eta batez ere bezeroekiko errespetuz eta guztion osasuna zainduz.

.

TURISMOA GELDIAGO

Euskal Herriko gainerako sagardogileen elkarteekin batera, Gipuzkoakoak sagardotegien etorkizuna lantzen duen proiektu estrategiko eta turistikoa du martxan, Sagardoa Route izenekoa. Ekimenak biltzen du sagardoaren inguruko esperientzia eta eskaintza multzoa, eta bere barne ditu Euskal Herriko zazpi lurraldeetako sagardotegiak. Euskal sagardotegien erreserba zentrala dira eta planak, egun pasak eta bidaiak neurrira ere antolatzen dituzte.

«Zalantzarik gabe etorkizuna hor dago», dio Olatz Mitxelenak. Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteko koordinatzailearen iritziz sagardotegiek ekarpen handia egin diezaiokete turismo jasangarriari: «Gipuzkoa oso lurralde aberatsa da inguruneari eta kulturari begiratuta. Gipuzkoa ez da bakarrik Kontxa eta pintxoak, hori ere bada, baina hortik harago badaude baliabide asko eta horiek erakutsi nahi ditugu. Uste dugu beste sektoreekin elkarlanean, benetakotasun bat erakutsi dezakegula».

Loratuko da sagardogintza

COVID-19ak eragindako krisiaren ondorioz arlo hau oraindik ere geldiago dagoela nabarmendu du Mitxelenak. Hirugarren fasea iritsi bitartean herritarrek ezingo dute probintziaz aldatu eta gerora ere ez dakite zein turismo mota gailenduko den. «Ez dakigu nazioartekoa izango den, europarra, estatukoa edo bertakoa. Guk beharrezko egokitzapenak egingo ditugu, aukera dagoenean sagardotegietarako eskaintza hau egiteko». Hala ere, Mitxelenak esan du gobernuek arlo hau ez dutela batere araututa, oraingoz behintzat.

Irailetik aurrera antolatzen dituzten ekitaldiak ere zalantzan daude une honetan. «Donostiako Sagardo Eguna, Ordiziakoa, Sagardo Apurua, Sagardo Txapelketa herrikoia edo Tolosan Bisiguaren Festaren inguruan antolatzen ditugunak, esate baterako, oraingoz, stand by-ean ditugu. Egungo araudiak galarazi egiten du jende asko toki berean biltzea eta aire librean egiten diren ekitaldietan ere jendeak eserita egon behar izaten du», adierazi du Mitxelenak.

Bien bitartean, eta itxialdiak iraun duen bitartean, sagardo katak online antolatu ditu Sagardoa Routek, telematikoki. Arrakastatsuak suertatu dira eta aurrera begira horrelakoak errepikatu edo ez pentsatzen ari dira.

Loratuko da sagardogintza Loratuko da sagardogintza Loratuko da sagardogintza Loratuko da sagardogintza Loratuko da sagardogintza Loratuko da sagardogintza

2020-06-02T01:31:17+00:00