Emakume baserritarraren omenezko kantua

Emakume baserritarraren omenezko kantua –

Eskarmentu handiko lau musikarik osatzen dute Amak taldea, orain gutxi eratu geroztik oholtza gainean jo eta su ari dena; Alaitz Telletxea, Maixa Lizarribar, Amaia Oreja eta Kristina Solano trikitilariak dira, baita amak ere.

Laukoteak disko homonimo bat ere plazaratu berri du, “Amak”, eta musikari hitzak txertatzeko orduan Onintza Enbeita bertsolariaren eta Karmele Jaio idazlearen laguntza izan dute. Azken honi gai librean eman zioten kantu bat, eta emakume baserritarrari gorazarre egiten dioten hitzak erantsi zizkion Jaiok, azpian duzuen hauxe, “Zure izena”.

ZURE IZENA

Gaur aurkitu zaitut
argazki zahar batean
baratzan lanean
amantala gerrian.
Lurrarekin ezkondutako emakumea,
nola ez dakit zure izena?
Zure eskuetan
bizitzaren hazia
baina zure hitza
mendetan estalia.
Nor zara zu, nahiko nuke entzun zure ahotsa,
esan gabekoen mintzoa.
Hitz gutxiko lurra,
izen gabeko andrea.
Zuhaitz, landare, fruitu,
mendi bazterren izenak
galdetu nahi dizkizut
baita zure abizenak.
Nor zaren ez dakigu
baina hemen zure ondarea
herri bat zaindu duzu
baserriko emakumea.
Emakume baserritarraren omenezko kantua
2021-07-05T02:54:25+00:00