Ama alabak txapelaren jabe

Ama alabak izan dira binakako sega-sail txapelketan txapela jantzi dutenak. Luixa Uzkudunek eta Izadi Arrospidek I. Binakako Sega-sail  Txapelketan parte hartu dute bikote modura, nahiz eta orain arte banaka behin baino gehiagotan parte hartu izan duten. 300 metro karratu ebaki behar zituzten eta txukuntasunaren eta azkartasunaren arabera baloratuak izan ziren probak. 16 minututan bukatu zuten beraien lana. Txapelketa hau Almitza Elkarteak antolatu zuen Mahalaren babesarekin.

Luixa Uzkudun eta Izadi Arrospide

Lehiaketa molde berri batek beti dakartza kezkak, ezinegonak eta aieruak. Emakumezkoen binakako sega-sail txapelketa, ordea, ekainaren 26an jokatu zuten estreinako aldiz, Elorrion (Bizkaia), eta berebiziko hasiera izan du: sei bikote aritu ziren, eta pare bakoitzak 300 metro karratuko belazea ebaki zuen, azkartasunaren eta txukuntasunaren parametroei erreparatuta.

«Esperientzia oso polita izan da, oso-oso berezia. Almitza elkarteak antolatutako ligetan aritu gara orain artean, eta lehenengoz egin dugu halako proba bat. Gainera, oso ondo antolatuta zegoen, eta zapore oso gozoa utzi digu», esan du Luixa Uzkudunek. Hura eta Izadi Arrospide izan dira lehendabiziko txapeldunak, eta horrek ere badu berezitik: ama-alabak dira.

Moztu beharreko azalera izan zen saioko berritasun nagusia, eta baita binaka aritzea ere. Lanaren jirakoak aletu ditu Uzkudunek: «Gu ohituta gaude 35 metro karratutan, helduen kasuan; Izadiren kasuan [gazte mailan] 25 metro mozten dituzte. Oraingo hau jauzi handia izan da, 300 metroetara, eta txandaka».

Gehiago irakurtzen jarraitu nahi baduzu sakatu hemen. Berriako web orrian.

ALMITZA ELKARTEA

Almitza Sega-elkartea 1996an hasi zen talde gisa elkartzen. Zaldibia (Gipuzkoa) bilgune harturik, sorreran batik bat, Europa aldean antolatu ohi diren sega txapelketetan parte hartu edo lehiatzen hastea izan zuen lehenbiziko jomuga. Gerora, helburu hori garatze aldera, 2001. urtean elkarte ofiziala eratu zen.

Almitzak, era askotako ekitaldiak antolatu ditu urte guzti hauetan zehar: jaialdiak, apustuak, txapelketak… Antolatu izan dituen eta parte hartu izan duen ekitaldi guztietan Euskal Herriaren herri-izaera ezagutarazi nahi izan du; hori dela eta, sega-taldeaz gain beste hainbat kultur eragile (dantzari, musikari…) eta kirolarirekin (harrijasotzaile, aizkolari, trontzalari…) osatu izan ditu ekitaldiak, etxean zein nazioartean.

2022-07-06T17:48:04+00:00