Marrubidun jogurten kolore normala

Hau da aste honetan bezero batek luzatu digun galdera: “Marrubizko jogurten kolore normala zein da? Lehen aldiz erosi ditugu eta marroi xamarra iruditu zaigu.” Behin baino gehiagotan egin izan diguten galdera da marrubidun jogurtari buruz eta benetan interesgarria iruditzen zaigu gure bezeroek beren buruari lehenengo eta guri ondoren beraien kuriositate eta zalantzak helaraztea.

Gehienetan zer jaten dugun pentsatu gabe egiten dugu eta ez dugu pentsatzen jaten dugun horren ezaugarriak zergaitik diren, diren bezalakoak. Gustatzen zaigu galderak egiten dituen jendea ordea, den orok baduelako bere azalpena.

Marrubidun jogurta marrubi eta ahabiekin.

Marrubidun jogurta marrubi eta ahabiekin.

Mahalan jogurtak ahalik eta modurik naturalenean egiten saiatzen gara. Marrubidun jogurtaren kasuan esaterako, esneari marrubi fruta nahasten diogu. Horregatik dauka jogurtak marrubi kolorea eta marrubi zaporea eta horregatik adierazten dugu bere izenean marrubidun jogurta dela eta ez marrubizko jogurta. Merkatuan ohituta gaude marrubizkoa den guztia kolore arrosa batekin ikustera eta nahi gabe ere kolore hori marrubiarekin erlazionatzen dugu. Kolore arrosa hori lortzeko ordea koloratzaileak eta beste hainbat gehiagrri erabili beharra dago eta guk, jogurtak kolore naturala  edukitzea nahi dugu. Marrubia ez da arrosa.

Marrubia esnearekin nahasten dugunean, momentuan kolore arrosa marroixka sortuko da. Marrubiak berez dituen pigmentuek ordea, esnearekin eta oxigenoarekin kontaktuan sartzean tonalitate marroixeagoa hartzen dute, eta osagai kimikoen bitartez ekiditen ez bada behintzat, hau da marrubiak modu naturalean duen kolorea.

Hala eta guztiz ere, gure jogurten kolorea gorrixkagoa mantentzeko masusta eta mugurdi pixka bat nahasten diogu marrubiari. 2 fruitu hauen pigmentuen oxidazioa mantsoago ematen bait da jogurtean. Azkenean gure produktuak ere erakargarriak izatea nahi dugu prozesu naturalei eta produktuen freskotasunari muzin egin gabe.

 

2022-09-16T12:07:25+00:00