Haurtzaro ikastolatik bisita jaso dugu eta gure baserria erakutsi diegu

Haurtzaro Ikastolako ikasleen bisita jaso dugu gaur baserrian. Oiartzun aldetik martxa handiko ikasleak etorri zaizkigu eta adi entzun dituzte eman dizkiegun azalpenak.

Ikasleek ikasiko al zuten guregandik baina guk behintzat asko jaso dugu beraiengandik. Bisitari amaiera emateko Mahalako izozkien abestia kantatu digute atarian. Ekarri duten martxa eta alaitasunarekin geratu gara. Entzun hemen.

Gaur goizean ikastolara iritxi bezain laster, autobusa hartu eta Leaburura etorri dira Haurtzaro Ikastolako hainbat ikasle. Mahalako ukuilura iritxi dira lehendabizi. Bertan ikusi dute behien esnea nola jezten den, jaiotzen diren txekorrak ere nola jolasten diren ukuiluko txoko batean, zer jaten duten, garai honetan ze lan dauden baserrian,  eta motzean esanda, baserriaren egunerokoa nolakoa den behien inguruan.

Ondoren, eraldaketa gunera joan dira eta bertan momentuan zer lanetan ari ginen ikusi dute. Gaur gazta freskoa, jogurt naturala, marrubidun jogurta, arroz esnea eta txorizo pikantea egin ditugu (konturatu dira txorizo batzuek lokarri gorria eta beste batzuek txuria zutela eta azaldu diegu bata piper gozoarekin egiten dugula eta bestea piper minarekin).

Bazekiten jogurtak nola egiten diren, inguruneko klaseetan ikasi bait dute, baina hala ere kuriositate handia agertu dute eta galdera sorta bikaina ekarri dute guk erantzuteko. Jakiak lantzeko prozesuak nolakoak diren ikasi dute ikastolan eta guk prozesu horiek bertatik bertara erakusteaz gain gaiaren errepaso bat egin diegu gure esperientziaren araberakoa. Prozesuetan zehar osagaien nahasketak, denborak, tenperaturak, ze garrantzia duten azaldu diegu eta behin prozesua amaitu ondoren jakiak leku hotzean nola mantendu behar ditugun.

 

 

 

 

2022-06-10T22:26:43+00:00