Irene Caminos (Tolosa, 1998) Trial kirolariarekin egon gara hitz egiten, bere mallotean ikus dezakezuenez, babesleetako bat baitu Mahala. Gehiago ezagutzeko asmoarekin, eta bere ibilbideari eta hemendik aurrera izango dituen erronkei buruz jardun dugu.
Irenek hamahiru urterekin bere lehenengo Trial txapelketa ikusi zuenean aitari bizikleta bat eskatu zion, handik urtebetera bizikleta menperatuta zuela erakutsi zuen, bere lehen txapelketa irabazi baitzuen. Ordutik, lehen mailako eliteko kirolaria da, nazioartean lehiatzen ibiltzen da eta Munduko Txapelketan urrea (2018) eta brontzea (2017) eskuratu ditu hurrenez hurren. Egun, UCIko Munduko Rankingean Top3an dago.
Trial mundua oso mundu txikia dela entzun dizut elkarrizketa askotan, hori horrela izanik, zer da trial mundutik gehien erakartzen zaituena?
Triala izugarri gustatzen zait, azken batean, arriskutsua den edozer gustatzen zait eta Trialak hori asko du. Adrenalinak asko erakartzen nauela esango nuke.
Kirol bezala, eskuragarria da?
Bai nik uste nahiko irisgarria dela bizikleta batekin nahikoa delako. Gainera orain, trial eskolak daude. Ni hasi nintzenean ordea, ez zegoen eskolarik eta apenas ez nuen inor ezagutzen triala egiten zuenik. Horrela ezagutu nuen Oier eta berarekin txapelketa batzuetara joaten hasi nintzen. Bina Oierrek eta nik hasieran ez genekien asko ere ez, ez pentsa, hasieran bideoak ikusten genituen Youtuben. Orain guk trialeko eskola dugu eta Aretxabaletan ere badago beste bat, gazteek kirola ikusi egiten dute eta probatzeko aukera ere badago orain. Lehen ez zen hain erraza.
Esaten duzun moduan, trialean hasi zinenean nahiko minoritarioa zen eta beraz, neska bakarra izatea tokatu zaizu askotan, horrek ekarri dizkizun ondorioekin. Sentitu duzu zure burua noizbait baimena eskatzen?
Ez. Egia da Euskadi mailan lehiatzen dudan bakarra naizela, eta horregatik, entrenatu mutilekin egiten nuen baina gero txapelketa orduan nesken kategoriako bakarra nintzenez, beti irabazen nuen. Behin, mutilekin lehiatu nahi nuela esan nien, ze saihestezina zen. Eta hori, hasieran oso ondo, ondo pasatzen nuen lehiaketa zegoelako baina gero rollo txarrak hasi ziren, neska nintzelako gauzak exigitzen zizkidaten, eta hasieran grazia egiten zidan.
Baina goian nengoenean eta kategoriaz aldatzeagatik puntuak jaitsen bazizkidaten (puntu gutxien duenak irabazten du) hor kritikak etortzen ziren, eta kexak bakarrik entzuten nituen. Puntu batera iritsi ginen aitari esan niola ez nuela hemengo lehiaketetan parte hartu nahi, eta hurrengo urtean mutilen puntuazioarekin lehiatzea eskatu nuen.
A ze maskulinitate hauskorra duten mutil batzuek, ezta?
Keba, askotan okerrenak gurasoak ziren.
Lehenengo neska, neska bakar pioneraren deitura nola daramazu? Nola proiektatzen duzu zure burua?
Ez dut inoiz horrelako ardurarik hartu, ez dut presio hori nahi. Ez dut inoiz nire burua inoren erreferente bezala ikusi. Egia da, kirol bezala ikusgarritasuna behar dugula, eta agian askotan ni egoteak neska askori grin hori ere piztuko diola. Etengabe nabil beste neska baten bila, eta hauek eskolan apuntatzen direnean izugarri pozten naiz. Aurten 33 umeetatik neska bakarra apuntatu da eskolan, hala ere.
Nola uztartzen da gaztetasuna eta elitea kirol txiki batean? Egun bizi daiteke profesionalki trialaz?
Zaila da batzuetan, udaran batez ere, udaran dira txapelketak, eta lagunak oporretan daudenean momentu batzuetan zaila da, ze zu beste puntan zaude lehiatzen. Baina dagoeneko nahiko ohituta nago. Profesionalki ordea erdizka bizi daiteke, trialeko eskola daukat baina suhiltzaileen oposaketak prestatzen nabil eta horretan dihardut orain.
Eta azkenik, garai hauetan falta ezin den galdera. Nola egin duzu konfinamenduan?
Ba nahiko gaizki. Konfinamendua pisu batean pasa dut eta ezin izan dut ezer egin, eta nire lehiakideak direnak sareetatik entrenatzen ikusi ditut, terrazetan eta jardinetan zirkuitoak egiten eta hor nahiko gaizki pasa dut. Nik bitartean arrabola eta gimnasioa egiten pasa nituen egunak eta gero bizikleta berriro hartu nuenean, ba kostatu egiten da.
Egia da, Munduko Txapelketa bertan behera gelditu zela esan zigutenean, lasaiago hartu nituela entrenamenduak, eta udara honetan oposaketak prestatzeko aprobetxatu dut eta buzoko titulua eskuratu dut.
Baina Espainiako Txapelketak aurrera jarraitzen du, ezta?
Bai, hala da, Munduko Txapelketak Txinan egin behar zenez, bertan behera utzi zuten. Baina maiatzean behar zuen Espainiako Txapelketa orain izaten ari da. Eta hortik iritsi naiz orain, Cartagenan eginda Espainiako Txapelketaren lehen froga eta beste bi froga gelditzen dira oraindik.
Mila esker Irene, eta Mahalatik zorterik onena opa dizugu datozen frogetan.
Irene Caminos: “Adrenalinak asko erakartzen nauela esango nuke”