Mongongo Dassança ximista eta Laborarien abissua –
Historiak erakutsi digu, Euskal Herrian gaztelania izan zela nagusi goi-mailako produkzioaren ekoizpenean gerraurretik. Hala ere, euskaraz ere egin izan dira lanak. XVI. eta XVII. mendeetan herritar gehienak euskaldun elebakarrak ziren. Elizak ondo zekien herritarren artean doktrina zabaltzeko ezinbestekoa zela euskara erabiltzea eta horrela egin zuen, haren idatziak euskaraz plazaratuz.
Ildo beretik sortu ziren zientziaren inguruko lehen lanak. Herritarrei egunerokoarekin lotutako hainbat gai, osasuna nola zaindu, ganaduaren ongizateari buruzko irizpideak edota ongarriak nola erabili azaltzeko euskarazko lanak ekoitzi ziren, euskara baitzen hiztunaren hizkuntza.
Euskaraz argitaratutako lehendabiziko dibulgazio liburua Mongongo Dassançaren Laborarien abissua izan zen. 1692. urtean plazaratu zen eta abereen gaitzei aurre egiteko gomendio eta erremedio ugari azaltzen dira bertan.
Mongongo Dassança Nafarroa Behereko XVII. mendeko kimikaria eta albaitaria izan zen eta haren lanak Mongongo Dassança ximista (kimikaria) bezala sinatzen zituen. Ez dakigu asko haren bizitzaz. Kimikari eta albaitaria izan zen lanbidez eta 1692. urtean Laborarien abissua lana kaleratu zuen Monsieur Gaztanbide medikuaren oniritziaz. Liburuak helburu praktikoak zituen, batez ere abereen ohiko gaixotasunak eta horien sendabideak batzen dituen eskuliburua da. Baina baditu ere hainbat atal gizakion osasunari dedikatuak. Esaterako, sugeen haginkaden kontra zer egin edo azazkalak jateari uzteko bideak aurkezten zituen Dassançak.
Euskal literatura ikertzen duen Iratxe Retolaza adituaren esanetan, lan hau itzulpen lana da jatorriz: “Lapurdiko laborariak kexu ziren ganaduaren heriotza-tasak gora egin zuelako, eta Dassançaren liburutxoak laborarien kezka horri erantzun nahi izan zion: hitzaurrean bertan dioenez, laborariek frantsesez irakurtzerik ez zutenez, Estiennen liburu ezaguna itzultzea eta egokitzea erabaki zuen egileak, Lapurdiko laborariek ganaduaren eritasunei aurre egiteko erremedioen berri izan zezaten”.
Liburuak, Patri Urkizu hizkuntzalariak azaldu zigunez, hiru argitalpen izan ditu. Bata, Baionan 1902an titulurik gabe inprimatua. Bigarrena, Jean Baptiste Daranatz (1870-1945) historialariak egina, obraren argitalpena atondu zuen 1908an eta Revista Internacional de Estudios Vascos aldizkarian argitaratu zuen. Hirugarrena, Daranatzek berak plazaratu zuen berriz 1927. urtean.
Horietako bat ikusgai dugu Gipuzkoako Liburutegien zerbitzuak digitalizatuta eta beste bertsio bat, UPV/EHUren Euskal Testuen Gordailuan.
.
Iturriak:
- Artetxe Sanchez, Karmele (2013): Einstein Euzkadin. Gerraurreko zientzia eta goi mailako kultura euskaraz. Donostia, Utriusque Vasconiae.
- Retolaza, Iratxe: Laborarien abissua (1692). Euskal Literaturaren Hiztegia.
- Urkizu, Patri (1999): Monjongo Dassançaren “Laborarien abissua” (1692) eta honen bi aldaera ezezagun Jean Pierre Chabalgoityk idatzia (XVIII.m) eta Bertrand Goyenetcheren “Marechalaren liburia” (1831). Aurkezpena, edizioa, oharrak eta hiztegia. Anuario del Seminario de Filología Vasca Julio de Urquijo. 33. zbk, 1. alea. 1999. urtea.
.
Uxune Martinezek Zientzia Kaieran idatzia.
Mongongo Dassança ximista eta Laborarien abissua