Etxea

Etxea –

Gure baserria, Mahala, “oso aspaldikoa” dela diogu atari honetako aurkezpenean, historia eta jatorri kontuak oso gustuko ditugula agerian utzita. Bide horretatik, liburu gomendio bat egitera gatozkizu orain, irakurle: Xamar idazlearen “Etxea” (Pamiela, 2016).

Hirurehun orrialde eta 750 argazki ederreko liburua -hemen batzuk, lagin gisara- da Juan Carlos Etxegoien Xamarrek idatzirikoa. Hauxe dio azalpenak:

Etxea

«Mende luzeetan etxea izan da gure gizartearen oinarrizko erakundea, hainbesteraino non etxeak eman baitie izena herritarrei. Etxea, bizitokia izateaz gain, lantegia, hilerria eta erritu tokia ere izan da, laborari munduko bizitzaren ardatz.

Euskal Herriko etxeen arkitekturak ondare gaitza osatzen du baina, harrigarriki, aski ezezaguna da. Etxeak, ugari Kultur Ondare monumentu izendaturik ere, ez daude udalek eta gobernuek ongi nabarmentzen, iragartzen eta sustatzen dituzten ikusgarrien artean: elizak, ermitak, jauregiak, dorretxeak… alta, hauek guztiak baino askoz ondare zabalago eta herritarragoa eratzen dute.

Liburu honetan, etxearen historia azaltzeaz gain, beharrak, klimak, baliabideek eta arte estiloek sorturiko etxe eredu nabarmenenak erakusten dira, Herrian barna ikus daitezkeenak bereizten, ezagutzen eta ulertzen laguntzeko. Bai eta etxe izenen bidez ohartarazteko, bidenabar, eraikinak desberdinak badira ere, dagokien kultura ber-bera dela Zuberoatik Bizkaira eta Lapurditik Nafarroara: Euskararena».

.

* Durangoko Azokan aurkeztu eta gero, 2017ko urtarrilaren 19an, Iker Tubia kazetariak liburuari buruzko erreportajea idatzi zuen Berria egunkarian, “Etxearen mintzoa” (klikatu irakurtzeko).

Etxea

Etxea

2019-06-18T23:46:28+00:00