Mahala, Tolosaldeko triatloi taldearen bidelagun

Mahala, Tolosaldeko triatloi taldearen bidelagun –

Uda hasieran bisita berezia izan dugu Mahalan, Tolosaldeko Triatloi taldearena.
Bisita berezia, diogu, badirelako urte dezente, babesleak garen heinean, bidelagun gaituztela.

Hitzordua Tolosaldeko Triatloi taldea hobeto ezagutzeko profitatu nahian, Aitor Elduaienekin hitz egun dugu. “Bilakaera handia izan du taldeak”, esan digu kirolari beteranoak gogoa iraganera eramanda, “eta hiru etapa nagusi, bere argi-ilunekin”.

Mahala, Tolosaldeko triatloi taldearen bidelagun80ko hamarkadan, loraldi bat bizi izan zuten elkarteek Euskal Herrian, baita kirol elkarteek ere. Ordurako gainera, baziren tradizio eta ibilbide handiko klubak, eta maiz horien pean kirol jarduera ezberdinak egiten ziren. Testuinguru horretan jaio zen gaur mintzagai dugun taldea, Elduaienek argitu digunez. “89an, artean Euskal Herrian triatloia pixka bat ezagutzen hasia zela, Tolosan bertan lagun talde batek erabaki zuen bere horretan triatloi talde bat sortzea, ez klub baten menpeko. Eta horrela sortu zen espainiar Estatuko lehen triatloi taldea izango zena, Tolosaldeko Triatloi taldea”.

Sorrera hartan izen oso ezagunak ere baziren tartean, gerora belaontzian zebilela karibetar uretan desagertu zen Dina Bilbao, ondarrutar tolosartua, edo orduan bikotekide zuen Josu Iztueta, Nairobitarra autobusaren gidaria; “erreferente izan zen talde bat, abentura batean sartu zena, artean ezezagun samarra baitzen triatloia. Materiala lortzeko, entrenatzeko… asmakizunetara jo edo kanpotik zetozen berrikuntzei irekita egon beharra zuten. Belaunaldi hark ekarri zuen indar hori Tolosara”.

«Momentu polita bizi du taldeak, eta ez naiz mintzo kirol emaitzez. Azken urteetan taldera gazteak ari dira biltzen, beraien kabuz ate joka etorriak, eta neskak asko. Polita da hori».

Hasierako bolada hura, “bota erraz 15 bat urte, kasik 2000 urtera arte, argia, oso argia izan zen”, Elduaienen aburuz. Eta gerokoa iluna, bizpahiru urte txarretan ia desagertzeko zorian izan baitzen taldea, belaunaldi aldaketaren faltagatik. Gero, berriro suspertzen hasi eta orain “loraldi polit bat” bizi ei du berriro taldeak, hirugarren etapa, zeinetan bidelagun duten Mahala.

“Oso momentu polita bizi du taldeak, eta ez naiz mintzo kirol emaitzez. Bada 30-40 lizentziako talde bat, bada zerbait, eta batik bat giroa oso polita da. Azken urteetan gainera, taldera gazteak ari dira biltzen, beraien kabuz ate joka etorriak, 18 urte bueltakoak, eta neskak asko. Polita da hori”.

.

Tolosa eta abentura

Taldearen sorrerara bueltatua, eta zergatia ulertu nahian, “badago zerbait hemen Tolosan, sekulako mugimendua dago”, onartu digu Elduaienek. Kirolariaren aburuz, garai hartan triatloiak abentura espiritua zuen, eta hori Tolosarekin oso uztartuta dago; “abentura esan nahi dut esplorazioa, gauza berriak egin edo ezagutzea, bidaiak…. horrekin oso ezkonduta egon da beti Tolosa”. Eta espiritu horixe zuten arestian aipatutako kirolari aitzindariak ere. Arrakasta izan eta gazteak erakarri zituen horrek.

“Oso transmisio naturala izan da, ez baitugu triatloi eskolarik sortu -pendiente dugu hori-. Hasierako lagunarteari, adin batera iritsita beste kirol batzuetatik zetorren jendea batu zitzaion, zerbait berria probatzearren. Profil hori aldatzen joan da, eta orain 20 urtez azpikoak zuzenean ari zaizkigu gerturatzen. Baina kasik hitzetik hortzerako transmisioa gertatu da, Tolosaldeko Triatloi taldeak, bereizgarri bat badu, anbientea izan da-eta. Oso giro jatorreko taldea izan da, euskalduna, oso euskalduna, eta horrek erakarpen indarra du”.

Taldeak 40 lizentzia inguru izango ditu egun, eta horietatik %20 inguru izango dira emakumeak, “eta in crescendo, geroz eta gehiago dira-eta”. Gainera, triatloia gorantza datorrela agertu digu Elduaienek, eta interesgarria litzatekeela euskal federazioan zenbat lizentzia dauden jakitea. “Kirol atsegina da, dibertsitatea polita da (uretan, bizikletan eta korrika aritu beharra) eta erakartzen du; orain mendiko lasterketak eta, bereziki, triatloia dago bogan”. Gainera, estetikatik ere baduelakoan (neoprenoa, bizikleta pitxia…), “postureo” apur bat ere badagoela aitortu digu, gorantza egiteko arrazoien artean; hara!

«Mahalak gurekin erakutsi izan duen jarrera, eta bereziki Jokinek, txapela kentzekoa izan da. Apustu natural bat izan zen, eta baldintzarik gabeko laguntza jaso dugu. Eskertuta gaude».

Mahalak taldeari eskaintzen dion babesa dela-eta “gurekin beti erakutsi izan duen jarrera, eta bereziki Jokinek [Arrospidek], txapela kentzekoa izan da -dio Elduaienek-. Bigarren loraldian behar genuen bultzada bat, argi ikusten genuen hori, eta ez ginen hasi han eta hemen ate joka, ez, zuzenean Jokinengana jo genuen, gure taldearen filosofiarekin bat egiten zuela iritzita. Mahalak nolabaiteko uniforme bat (korrika egiteko monoak, bizikletan ibiltzeko maillot eta culotte-ak…) ematen digu, eta sortzen diren gastuekin (lizentziak, bidaiak, frogetako inskripzioak…) lagundu, gu lasaiago ibiltzeko. Eta guk ere Mahalari eskaparate txukuna eskaini eta irudi polita ematen diogula uste dugu. Apustu natural bat izan zen hau ere, eta baldintzarik gabeko laguntza jaso dugu. Oso eskertuta gaude”.

Tolosaldean bezala, asko dira egun Euskal Herrian sortutako taldeak, eta batzuk hasiak dira kirolariei eskaintzak egiten, emaitza onak lortu ahala, oraindik orain profesionalak izatera heldu ez badira ere. “Eta gertatu izan zaigu, gurean nabarmendu eta beste talde batzuetara egin duten triatletak izatea”.

Mahala, Tolosaldeko triatloi taldearen bidelagun

Izan ere, Tolosaldeko Triatloi taldeak izan ditu emaitza aldetik garai oso onak, batez ere bigarren loraldian, eta izan dituzte Espainiako txapelketetan zein nazioarteko maila duten Zarautz edo Bilboko triatloietan irabazi (emakumeetan) edo podium (gizonezkoetan) egindako kirolariak, “baina triatloia egiteko gogo horri gorputz ematea da aintzat hartzen dena -Elduaienek dioenaren arabera-. Jakina, sasoi puntua baduzu gorputzak gehiago eskatzen dizu, eta emaitzak lortzen badira chapeau!, ospatzen ditugu, baina emaitza bigarren mailako helburu bat da egun taldean”.

Triatloia egiteko adin tarte aproposari buruz galdetuta, “adina baino, zenbat denbora eskaintzen diozun da inportantea”, argitu digu jada taldeko nagusienetakoa den Elduaienek. “Gure artean ez dago profesionalik, eta beraz, kirol malgua da, baina kontutan hartu hiru diziplina menperatu behar dituzula, eta horrek denbora eskatzen du”. Taldekideen adina gorabehera, batzuk guraso dira jada eta familiarekin kontziliatu beharra ere badute, eta “oreka dantza horretan, ondo hautatu beharra dago”. Distantziez mintzo gara honakoan, ez baita berdina, geroxeago ikusiko dugunez, Ironman eta antzeko distantzia luzeetan aritu, Triatloi Olinpikoan edo sprint modalitatean. “Hori bai, zenbat eta gehiago entrenatu, finago ibiliko zara”.

.

Triatloia desmitifikatu beharra

Entrenamenduak aipatuta, Tolosaldeko triatloi taldeko kideek badute bizikletan ibiltzeko edo igeri egitera elkarrekin joateko taldetxoak egiteko ohitura, “baina bakoitzak bere aldetik egiten ditu entrenamenduak, ez dago prestatzaile fisiko eta abarrik”. Beste edozein kiroletan bezala, denboraldi hasieran indarra lantzen dute, pisuak jasoz eta gimnasioan, eta horri gehitu behar zaio bizikleta, arrabolean eginda, eta igerian pilo bat… Alde horretatik, eskualdeko kiroldegietan entrenatzen dutela eta, berbarako Tolosako Usabal igerilekuan eta Berazubi estadioan -korrika saio espezifikoetarako-, pozik agertu da Elduaien, “azpiegitura ona dugu, eta gainera harremana ere ona da. Garai batean bagenituen ordutegi propio batzuk erreserbatuak, pentsa, eta gaur egun ere eskatuz gero izango genituzke”.

Kanpotik ikusita, triatloiak gogorra ematen duela-eta, berau desmitifikatu beharraz ere mintzatu zaigu solaskidea, “puntuan zaudenean izugarri disfrutatzen duzu-eta. Errespetua galdu sekula ez, gogorra da-eta, baina desmitifikatuko nuke. Triatloia egiteko kirol kultura izateak laguntzen du, gaztetatik edozein dela ere kirolen batean jardun izanak, iraupenean, sufrimenduan, estrategian… laguntzen du, eta oinak lurrean izaten eta zeure neurria lasai hartzen jakitea ere ondo dator”. Baina arestian aipatu bezala, modalitateak dira aintzat hartu beharrekoak. “Denbora da klabea, denbora behar da, bestela ahaztu. Triatloi luzeen alde egiten bada, komeni da ingurukoekin ondo hitz eginda izatea, hipotekatu egiten zara-eta”.

«Tolosaldeko Triatloi taldeak, bereizgarri bat izan badu, anbientea izan da. Oso giro jatorreko taldea da, euskalduna, oso euskalduna, eta horrek erakarpen indarra du».

Neurriez mintzo garela, komeni da azalpen gutxi batzuk ematea modalitate ezberdinak ezagutze aldera, azaletik bada ere. Triatloi Olinpikoan 1.500 metro igerian, 40 kilometro bizikletan eta 10 km. korrika duzu bete beharreko lana. Ironman deiturikoan berriz, 3.800 m. igerian, 180 km. bizikletan eta maratoi bat korrika, eta Sprint modalitatean 750 m. igerian, 20 km. Bizikletan eta 5 km. korrika. Eta gainera, badira modalitate gehiago ere, aipatutakoen gainetik zein azpitik. Elduaienen hitzetan, maila ertaineko triatleta batek “sprint distantzia ordu eta erdi bueltan egingo luke, Olinpikoa 2.30-3.30 ordu bitartean eta distantzia luzea 10-12 ordutan”.

Euskal Herrian, ezagunak dira distantzia Olinpikoa bikoizten duten Zarautz, Bilbo eta Iruñeko triatloiak (bospasei ordu bitartean egitekoak), eta Gasteizkoa da Ironman-etan eredua. Eta gurean egutegia mugatua bada ere, “engorilatua” dagoenak urte osoan zehar du triatloirako aukera. “Pirinioetan, neguko triatloiek badute diziplina estra pizgarri bat, eskia sartzen da-eta. Gero, otsailetik aurrera, duatloiak hasten dira maiatzera arte, eta maiatzetik irailera triatloiak. Urrian epelagoak diren lurraldeetara begira jarriz gero, espainiar hegoaldean edo Balearretan badira gehiago, baita azaroan ere…”. Beraz, nahi izanez gero, urte osoa jo eta su ibili daiteke, gelditu gabe. Baina kita-kita, hasiak gara izerditan eta har ditzagun oporrak, abuztuan gaude-eta!

Mahala, Tolosaldeko triatloi taldearen bidelagun Mahala, Tolosaldeko triatloi taldearen bidelagun

2020-08-12T03:04:59+00:00