Gero eta gehiago dira zer jaten eta zer edaten dutenaz arduratzen diren kontsumitzaileak, azukrea, gantza, bitaminak, gehigarriak, …gure elikaduran ze pentsatua ematen duten hitzak. Merkatuan dagoen informazio anabasaren ondorioz ordea, oso erraza da baten burua zalantzaz eta jakin minez betetzea. Beraz, gaurkoan Mahala Baserriko esnearen inguruan hainbat azalpen ematea da gure asmoa.
Mahalan, baserritik hasi eta produktua azken bezeroarengana iritxi arteko prozesua osorik kontrolatzen dugunez, bezeroen zalantza eta ekarpenak zuzenean jasotzen ditugu askotan. Zalantza hauen artean askotan galdetu digute: Zuen jogurt naturalei azukrerik gehitzen ez badiezue, zergaitik azaltzen da elikapenen argibidean azukrea daukala? Azukrea gehitzen diozue jogurt naturalari?
Ba, ez! Mahalako jogurt naturalak ez dauka gehitutako azukrerik, ez diogu azukrerik gehitzen. Esnea eta hartzigarri laktikoa bakarrik dauzka gure jogurt naturalak. Esneak, berez, bere osagaien artean dauka laktosa, eta laktosa hori da esnearen azukrea. Esnea jogurt bihurtzen dugunean esnearen azukre hori da jogurtera pasatzen dena, beraz, jogurtak badu azukrea , bai, baina esnearen berezko azukrea bakarrik. Horregatik azaltzen da bere elikagaien baloreen zerrendan.
Mahalaren filosofian, lortzen dugun esnea, kalitate handiko lehengaia izanik, ahalik eta gutxien eraldatzen saiatzen gara. Horregatik, pasterizazio prozesua bakarrik jasaten du gure esneak eta ondoren azkenengo produktura pasatzen dira esneak bere sorreran dituen kalitate eta osagaiak. Mahalako esnea bere freskotasunean landuta, berez duen gozotasunarengatik nabarmendu daiteke. Ezaugarri hori bere eraldaketa prozesuan ahalik eta egokien mantentzea da gure helburua.