Iaz bezala, aurten ere, Mahala izango da Euskal Pentatloia babestuko duena. Herri kirolari askotan eman izan dio bultzada Mahalak, herri kirola baserri bizitzako jardunetik sortutako kirola bezala ulertu izan duelako. Sasoi makalagoak ezagutu izan ditu herri kirolaren egoerak eta momentu horietan babesa ematea beharrezkoa zela iruditzen zitzaion. Gaur egun, belaunaldi berri batek haize freskoa dakarrela dirudi herri kiroletara, ez hain zuzen baserriko bizitzako jardunetik, baina bai forma berria emanez eta herri kirola gaur egunera egokituaz. Kirolari hauen proiektu eta gogoei erantzunez babesa emateko apustua egin zuen iaz Mahalak eta aurten ere konpromezu bera hartu du.
V Euskal Pentatloi denboraldia
Urte honetako egutegia prest dago dagoeneko eta saioak horrela banatuta geratuko dira:
- Maiatzak 28: Banakako I. Kanporaketa. Tolosako zezen plazan.
- Ekainak 12: Binakako mutilen finala. Tolosako zezen plazan.
- Ekainak 18: Binakako nesken finala. Tolosako zezen plazan.
- Irailak 3: Banakako II.Kanporaketa. Azpeitiako zezen plazan.
- Irailak 10: Banakako nesken finala. Azpeitiako zezen plazan.
- Irailak 24: Banakako mutilen final haundia. Azpeitiako zezen plazan.
Larunbat honetan beraz, maiatzaren 28an, jarriko da abian V. Gizonezkoen Euskal Pentatloi Saria. Lehen kanporaketa izango da jokoan, Tolosako zezen plazan, 18:00etan hasita. Hamahiru kirolari ariko dira lehian: Xabier Zaldua, Ioritz Gisasola Zelai V.a, Aratz Mugertza, Aitzol Atutxa, Haritz Goenaga, Jokin Urretabizkaia, Mikel Agirre, Joseba Arakama, Gorka Etxeberria, Iñigo Landa, Jagoba Otaegi eta Oussman Drame. Patxi Mindegia ere parte hartzekoa zen, baina ezin izango du egon lesio batengatik. 20 euroren truke bertan saioa jarraitzeko aukera izango dute zaletuek.
Bost proba egin beharko dituzte kirolariek: 100 kiloko bolari zortzi jasoaldi eman, giza proban plaza bat egin, aizkoran kanaerdiko bat moztu, txingekin hiru plaza egin eta korrika kilometro bat. Lau kirolari azkarrenak pasako dira bigarrengo kanporaketara, eta hori irailaren 3an egingo da.
Parte hartzaileen informazioa eta saioen inguruko berriak guztion eskura jarri dituzte sarean.